XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Frogatu nahi dugu arrakasta ez dela kasualitate izan

Gozategi taldeak bere bigarren diskoa atera du: Ainhoa

F.I./DV DONOSTIA

Gozategi taldeak bere bigarren diskoa aurkeztu zuen atzo Donostian.

Ainhoa deritzan produkzio honen bitartez, frogatu nahi izan dute iazko Gozategi hark izandako arrakasta ez dela kasualitatea.

Jendeak esaten zigun lehenengo diskoan ez, bigarrenean frogatu behar izaten dela gaitasuna eta kalitatea, komentatu zuten atzokoan taldekideek.

Lehenengo diskoarekin listoia altua altua jarri genuen eta beste hau grabatzean presio handia sentitu dugu.

Presioa ez ezik, stressa ere bai; udan hainbat erromeritan jo ondoren, atsedenik hartu gabe hasi baikinen disko berriko gaiak eta doinuak prestatzen.

Baina azkenean frogatu dugu lehenengo disko hartako naturaltasun eta freskotasuna ez direla kasuaiilate izan.

Iazko Gozategi hura oso arrakastatsua gertatu zen.

Toki askotatik deitu zieten, jo zezaten; uztailean, esaterako, 33 saio egin zituzten herririk herri.

Udaberri aldera atera genuen iaz beste disko hura jarraitu zuen Asier Gozategik.

Eta udako erromeriak iristerako ikusi genuen jendeak ikasiak zituela kantuak.

Udan bertan hasi ziren batzuk disko berri eske.

Ainhoa hau lehenengo disko haren tankerakoa omen da.

Ildo berekoak dira, baina beste hau sendoagoa da.

Antz, ematen zaio taldeak beste urte bat egin duela elkarrekin jotzen.

Orain ere Elkar disko-etxearen bitartez eman dute argitara.

Lehenengo diskoan kanta guztiak ziren taldekideena, bi izan ezik; oraingoan, berriz, guzti-guztiak dira Asier Gozategik eta Iñigo Goikoetxeak sortuak.

Izena, Ainhoa, Ainhoa Gozategi taldekidearen omenez jarri diote diskoari.

Isilean jarri ere.

Azken unerarte ez zuen Ainhoak ezer jakin.

Orain ere erritmo asko sartu dituzte diskoan: fandangoak, arin-arinak, porrusaldak, cumbia, texmex eta reggae, besteak beste.

Diskoa egitean dezente zabaldu da taldea.

Beti bezala, Asier Gozategik soinu txikia jo du, Ainhoak panderoa, eta Iñigo Goikoetxeak txarangoa; horiez gain, Mikel Irazoki (bajua), Txema Garcés (kontrabajua) eta Fran Iturbe (gitarra elektriko eta akustikoa).

Hain zuzen ere, Fran Iturbe izan da diskoaren produktorea, aurrekoan bexalaxe.

Letretan, berriz, gazteek kalean erabiltzen dituzten gaiak azaltzen dira.

Gehienak Asier Gozategirenak dira; beste bakar batzuk, Ibai Esoain, Jon Maia eta Xabier Amuriza bertsolarienak.